- Gure konpainia
- Gure produktuak
- Non gauden
- Hitz egin gurekin
- Azokak eta ekitaldiak
- Berriak
- Profesionalen eremua / Ikastaroak
- Online denda
Atenporalitatea aintzat hartzea funtsezkoa da diseinu iraunkorrak sortzeko
Atenporalitatea aintzat hartzea funtsezkoa da diseinu iraunkorrak sortzeko
Ramón Beneditok, Marta Montmanyk eta Jordi Montaña irakasleak zera aztertu dute, diseinu on batek objektuari, hura hedatzen duten erakundeei eta marka eta enpresetan duen indarrari aplikatzea oso garrantzizkoa dela
Ekainaren 3an, osteguna, izan da hitzaldia, Roca Barcelona Gallery-n.
Markaren eraikin enblematikoa den Roca Barcelona Gallery-n ‘Sinergiak: diseinua, berrikuntza eta enpresa’ topaketa burutu zen, lehen mailako hiru hizlari bildu zituena egun diseinuak duen garrantziaren inguruan eta diseinuak gizartearekin, hiriarekin eta enpresa-markarekin duen harremanaren inguruan eztabaidatzeko.
Diseinu Sari Nazionala irabazi duen Ramón Benedito diseinugileak, Diseinu Kudeaketako ESADE Katedraren zuzendari Jordi Montaña irakasleak eta DHUB (Diseño Hub Barcelona) Museoetako zuzendari Marta Montmanyk parte hartu dute hitzaldi horretan. Hirurak ere erreferentziazko profesionalak dira, eta, beren esperientzia oinarritzat hartuta, diseinuak ekonomian, gizartean eta kulturan duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten.
Hirurek ere aho batez nabarmendu zuten diseinu aplikatuaren garrantzia, eta horren haritik adierazi zuten diseinua produktuei aplikatu behar zaiela, baina baita hain fisikoak ez diren elementuei ere, markari edo enpresari, esaterako. Ildo horretatik, Marta Montmanyk DHUB zentro berriaren adibidea aipatu zuen, enpresa, kontsumitzaile eta diseinugileentzat sortu dena diseinuari eragiten dioten faktoreen arteko zeharkakotasuna indartzeko eta horrela harreman ugariak sorrarazteko helburuarekin.
Bestetik, Jordi Montaña irakasleak markaren, produktuaren eta diseinuaren kalitatearen arteko harremana hartu zuen hizpide, gaur egun kontuan hartzekoak diren balio integratuak diren aldetik, eta, horren haritik, honako hau azpimarratu zuen: “diseinu on batek bi baldintza bete behar ditu: atenporala izatea eta mundu guztiaren eskura egotea”. Horren ildotik, Ramon Beneditok bat egin zuen “perfekzioa xumetasunean dago” maximarekin, produktu on batek denboran irauteko behar duenerako funtsezkoa den heinean.
Rocak zenbait ekimen antolatu ohi ditu diseinuaren balioa eta diseinugileen talentua ezagutzera emateko eta indartzeko helburuarekin, eta hitzaldi hori ekimen-esparru horretan kokatu behar da. Esaterako, hainbat erakusketa antolatzen ditu Roca Barcelona Gallery-n, hainbat diseinugile eta arkitektorekin dihardu lankidetzan produktuak sortzeko lanetan, edo talentu gazteentzako Jump the Gap Nazioarteko Diseinu Lehiaketaren edizio berria antolatu du.
Roca Barcelona Gallery eraikina Borja Ferrater arkitektoak Carlos eta Lucía Ferraterrekin (OAB Estudioa) lankidetzan egindako lana da: hiru solairutan banatutako 2.400 m2-ko hedadura du, eta elementu elkarreragile berriak eta efektu harrigarriak ikus daitezke barnean nahiz kanpoan; horri esker, marka esklusiboko "esperientzia" bizitzeko aparteko gune bilakatu da eraikina.
Ramón Benedito
Industria-diseinuaren eremuko ikasketak egin zituen Elisava eskolan, eta jarraian lanean hasi zen, 1975. urtean; industria-produktuen eta kontsumo-ondasunen diseinugile gisa nabarmendu da. Lehen mailako enpresentzat lan egin du, Vieta, Balay, Indo, Carlsberg, Fujitsu, Henkel, Renfe, Repsol eta Roca enpresentzat, besteak beste. Azken horrekin elkarlanean jardun zuen Hall bainugela-bildumaren diseinuan. 80ko hamarkadan Transatlàntic taldea fundatu zuen, beste bazkide batzuekin batera, eta diseinu esperimentalean egindako lanengatik ere nabarmendu da. 1992an Diseinu Sari Nazionala irabazi zuen.
Jordi Montaña irakaslea
Industria-ingeniaritzan doktorea Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan; betidanik aritu da enpresari aplikatutako industria-diseinuaren munduan. Eremu horretan, Diseinua eta Berrikuntza Garatzeko Estatu Sozietateren fundatzailea eta zuzendari nagusia izan zen, baita ADI-FADeko lehendakaria eta Design for the World-eko diruzaina eta zuzendaritza-kontseiluko kidea ere.
1976. urtetik ESADEko irakaslea da, eta bertan Diseinuaren Kudeaketako ESADE Katedraren zuzendaria da. Nazioko eta nazioarteko enpresa eta erakundeen aholkulari gisa ere jardun du, marketin estrategikoarekin, brandingarekin eta diseinuaren kudeaketarekin zerikusia duten gaietan. Hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu.
Marta Montmany
Soziologian lizentziaduna Parisko Unibertsitatean eta Etnologian masterduna Montpellierreko Unibertsitatean. Museo Etnologikoan hasi zuen bere ibilbide profesionala, kontserbatzaile-lanetan. Ondoren, Arte eta Tradizio Herrikoien zuzendaria, Museoetako Idazkaritza Teknikoaren burua eta Museoak eta Kultura Ondarea Kudeatzeko Zentroko zuzendari teknikoa izan da. 1994an bere gain hartu zuen Dekorazio Arteen Museoaren zuzendaritza, eta gaur egun DHUB osatzen duten museoen zuzendaria da.


